Aukeratutako etiketa ◊ desagertzea ◊

• Ostirala, Abendua 09th, 2016

Ibon Saratsola bere abizena gaztelerazko edo frantsesezko grafiaz idazten duten edo zuten euskaltzain taldekoa dugu, Arexita, Mitxelena, Bidegain, Haritxelar… bezala. Espero dezagun bere abizena batuaz idaztea onartzea, batik bat, batua egitetik bere bizitza osoan jan duelako eta batua erabiltzea aldarrikatzen duelako.

Euskera batuari buruzko iritzia luze-zabal irakurri ahal izan dugu egunotan hainbat hedabideetan agertutako elkarrizketetan. Gauza interesgarri asko esan ditu: batuaren prozesua amaitutzat eman behar dela eta orain beste fase batean sartzen garela, elkar ulertzeari lehentasuna eman behar zaiola termino bat ala beste bat erabiltzeko unean… (Berria)

Baina euskalkiei dien ezinikusia, bizkaierari batez ere, berriro ere agerian utzi du. Azaroaren amaieran egindako lehenengo adierazpenetan argi esan zuen: bizkaiera euskalki gisa desagertu behar da. Ondorengo adierazpenetan esandako hankasartzeaz konturatu zen eta, konpontzearren, orokortu zuen, euskalkiak desagertu behar direla esanez:

Sustatu: arazoaren 24an: “Bizkaierak euskalki izateari utzi beharko dio”

Garbizaletasunari izkin egin eta euskara batua sustatzeko begia erabileran jarri beharra dagoela uste du Ibon Sarasola euskaltzainak. ‘Bitakora kaiera’ saiakeran tradiziozko testuak euskara batuaren morfologiatik pasata ematen dituela ere zehaztu du Sarasolak, uste baitu «hori egin behar dela, euskalkien gainetik». «Hori da bide bakarra bizkaieraren arazoari aurre egiteko. Bizkaierak euskalki izateari utzi beharko dio, jatorkeria baztertu».

Beste zenbait hedabide (Berria, Zuzeu…) Abenduaren 1: “Eremu pribatuan euskalkian nahi adina, publikoan ez”

Saratsolaren pentsaera zinez kezkatzekoa da, kanpotik datozen eredu inperialistei (estatu bat -> hizkuntza bat;  hizkuntza bat -> aldaera bat, pentsaera bat…) jarraipena ematen dielako.

Saratsola ez da gai izan, Mitxelena eta Zuatzo… bezala, zergatik orain 2.000 urte historialariek idatzitako mapetan zeuden tribuek euskalkien eremuarekin bat egiten duten.

Saratsola ez da gai izan gure hizkuntzaren jatorrian urrats txikiena egiteko eta horrekin etorkizuna irudikatzeko oinarri handiago bat izateko. Eta Sarkisianek zioen moduan, nola ibili dira batua egiten jatorrian ezer sakondu gabe? Adibidez:

Euskaltzaindiakoek -era atzizkiak zer esan nahi duen ez omen dakite, hizkuntzen izendapenak euskera batuan desarautu dituztelako, batetik, bizkaiera, gipuzkera, hizkera, suomiera, japoniera… hau da, -era atzizkia duten munduko 200 hizkuntza eta euskalkiak, eta, bestetik, euskara, erdara eta gaztelania hobetsi ditu. Nola egon daitezke gauza bera esateko hiri atzizki mota? -era, -ara eta -nia?

Edo toponimian aitz edo atx erroaz hasitako ehunka izen eduki (Aizkorri, Atxarte...) denak h-rik gabe eta batuan haitz izendatu? Zergatik desarautu dute erro hau?

Edo zergatik desarautu dituzte hatz eta atzamar hitzak? Lakarrak jatorri desberdina daukatela dio baina euskaldun gehienok  berehala konturatzen gara gauza bera direla. Nola idatzi daitezke bat h-rekin eta bestea h-rik gabe?

Saratsola jatorria ikertu izan balu, Bittor Kapanagak eta beste askok egin duten bezala, euskalkiek duten garrantziaz eta batua ondo egiteko duten ezinbesteko zereginaz konturatuko zen eta ez lituzke horrelako adierazpenik egingo. Ez al daki jatorri eta jatorra leku beretik omen datozela eta hizkuntza jatorrean berba egiteko jatorritik edan behar dela, euskalkitik alegia?

Bada gure uste apalean euskalkiak euskera batuaren zutabeak dira eta zutabe horiek ahultzen direnean batua bera ahultzen da. Eta bizkaiera da hain zuzen ere horren adibidea. Batua gipuzkeran zentratuta egin beharrean (Azkuek proposatu zuen moduan) nafarreran zentratu zen eta mendebaldeko aldaera urrunegi geratu zen, hiztunen %40a duen euskalkia bada ere. Gipuzkera batutik askoz hurbilago dago eta erraz egin dute salto baina mendebaldeko hiztunak, iparraldeko batzuk… ez daude egoera berean ez dute errezeta bera behar.

Gainera, arazo horri aurre egiteko zeuden aukerak ez dira erabili: Bizkaian alfabetatzea indartu eta hortik batura salto egin Labairuk proposatu zuen moduan (ez idatzi Labayru, arren), baina ez zen bultzatu. Eskolan indarra eman euskalkiari, Valentzian egiten duten bezala. Han lehen hezkuntza valentzieran egiten dute inolako konplexurik gabe, DBHn estandarrera salto egiteko. Hemen zergatik ez da gauza bera egiten? Euskaltegietan euskalkia ere lantzea, ulertzeko bederen…

Bizkaian batuaren eta euskalkiaren artean sortu den lubakia oso  sakon eta zabala da. Jendeak dakien euskera ez da prestigiatu, ez da ikustarazi eta, ondorioz, herritar asko haien euskera “eskasean” hitz egin beharrean zuzenean gaztelera pasatzen dira.

Euskalkiak prestigiatu behar dira eta horretarako ikustarazi egin behar dira: ETB, euskadi irratia… egunero ordubeteko deskonexioak egin eta euskalkiak erabili beharko lituzkete. Udalek ere herritarrei zuzenean zuzendutako errotulu, idazki eta jakinarazpenetan ere erabili beharko lukete, etab.

Iparraldean batua barra-barra sartzen ari da (eta hori oso ona da) baina euskalkiak ere desagertzen ari dira. Eta altxor hori ezin da galdu. Eñaut Etxamendik, adibidez, ingelesezko hitz batzuk ulertzeko iparraldeko euskera hartu du abiapuntu (“home” baliteke “emutsak” hitzetik azaltzea, hau da, zubereraz etxea besterik ez dutenak). Edo Felix Zubiagak proposatutako bizkaierazko “hartuemona ” eta “harmoniaren” arteko balizko harremanaz.

Euskaltzaindiak euskalkiak babestu, arautu eta sustatu beharko lituzke. Eta herritarrok ere badugu gauza asko egiteko aukera: benetan inportantzia eman, euskalkia dakiten guztiek ahalik eta gehien erabiltzea inolako konplexurik gabe. Eta berba egiterakoan, noski, bereiztu, egiten dugun bezala: herrian herrikoa, eskualdean eskualdekoa eta Euskal Herrian batua.

Euskalkiei begiramenik ez deutsonak ez dau euskera maite.

hizkuntza bat aberri bat baina… euskalki bat lurralde bat edo bi edo nahi duguna

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)