Gontzal Fontaneda Iruña-Veleiaz: DUINTASUNAREN ALDE
Justizia astiro omen dabil, eta gelditasun horrek askotan auzitako kontuei kalte handia ekartzen omen die. Badakarkio honi: 2008ko azaroan Arabako Foru Aldundiak fiskaltzan salatu eta gero 2009ko martxoan kereila aurkeztu zuen epaitegian Iruina-Veleia aztarnategiko zuzendaritzaren kontra, aurkitu zituzten ezohiko grafitoak faltsutu egin zituztela leporatuz.
Eztabaida honek euskararen historia zalantzan jartzen du norbaiten ustez, hemengo kristauteriaren historia beste zenbaiten aburuz. Dena dela, historia guztiak baino garrantsitzuagoa, arazorik larriena da auzi amaigabe honek pertsonen duintasunari egin dion kalte handia.
Oztopoak oztopo, duintasuna zaindu behar izaten da beti, kasu honetan inolako akusaziorik gabe egon arren, sei urtebete jendaurrean kriminalizatuta daramatzatelako, eta inork ez daki noiz arte luzatuko den,… eta gainera ez dago auzigairik:
ARABAKO FORU ALDUNDIAK BATERE FROGARIK AURKEZTU EZ ZUELAKO.
2008an aipatutako grafitoak gezurrezkoak zirela erabakitzeko, Aldundia ez zen oinarritu bazeuzkan froga ukigaietan edo grafitoetan beretan, teorietan baizik. Salatzaileak ez zizkien piezei egin nahi salatuek berek eskatzen zituzten noizkoak ziren jakiteko azterketak, baizik eta aditu batzuen teorien txostenak (txosten gutxienak) jarri zituen argudio, “gertaeren aurka argudioek balio ez dutela” ba ote zekien ere.
Gainera, ez zen egia txosten horietan oinarritu zenik, grafitoak gezurrezkoak zirela erabaki zuen egunean, Aldundira antzinako euskarari buruzko txosten bat bakarrik iritsia zelako; beste guztiak erabakia hartu eta geroago sartu ziren. Batzuk politikan eta zientzian, argudio sendorik ez dutenean, justizian estaltzen omen dira… eta eman urte luzeak.
FROGAK BETI SALATZAILEAREN ESKUETAN EGON DIRELAKO.
Piezak epaiketarako alferrak dira, epaitegiaren babespean gorde beharrean, beti Aldundiaren eskuetan egon direlako, eta horregatik azpimaneiatu izan zitezkeen. Izan ere, pieza batzuen itxura eta hasierako argazkietan zutena ezberdinak dira.
Horregatik, 2014an Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeak eman duen txostena ere epaiketarako baliogabea da, azterketa epaileak agintzen zion moduan egin ez duelako, eta piezak esku askotan egon direlako, 2008an zuzendaritza kaleratu zuenetik Aldundiaren eskuetan bakarrik.
Eta frogei dagokiolarik, data ebazteko azterketa zientifikoak ez ezik, nazioarteko arkeologariek eta zientzialariek egiaztatze-indusketak ere egitea, pieza gehiagoren bila jarraitzea, eskatu zuten beti salatuek.
Aldundiak hasieratik uko egin zion, aitzitik, lehengo zuzendaritza bota ondoren, izendatu zuen zuzendari berriak (hain zuzen ere, berandu iritsi ziren txostenetako baten egilekidea; bada, “epailea eta onuraduna”), zuzendari berri honek ez zuen indusketa gehiagorik egin, baizik eta aztarnategiko hainbat metro kubiko lur kendu zuen hondeagailuz,… hondeagailua non eta auzipeko aztarnategi arkeologiko batean. Hortaz, lur hartan froga gehiago egon balitz, denak betiko galduko ziratekeen.
Hau guztia dela eta, egokia eta bidezkoa izango litzateke, auzigairik ez dagoenez gero, epaileak lehenbailehen artxibatzea, salatuei duintasuna itzul dakien.