Euskal Filologiako irakasle askok (Lakarra, Urgell, Gomez…) zenbait ikastarotan emandako edukia ikusita, nahiz eta besteoi mitoekin gabiltzala esaten diguten, gure uste apalean, kontrakoa dirudi. Ikus ditzagun Gasteizko fakultate honek eskutik eskura darabiltzan mitoak:
a) Euskera ez da beste hizkuntzak baino zaharrago, hizkuntza guztiak modu antzekoan aldatzen direlako. Hau etengabe errepikatzen badute ere, Joxemiel Barandiaranek argi iradoki zuen moduan, euskerazko hainbat hitzek paleolitoraino garamatzate. Beste hizkuntzalariek ere diotenez (Pagel…) indoeuropeoan hitz batzuk ez dira 15.000 urtetan deus aldatu. Ez al da ordua hizkuntzen bilakaerari buruz ikuspegi zabalagoa izateko? Hitz batzuk asko aldatzea posiblea da baina beste batzuk ia aldaketarik gabe mila urtetan irautea ere bai.
b) Erdiko substratu bat -iberiera kasu honetan- deus ezagutu gabe, aurreko eta osteko hizkuntzen artean harremanak ezarri daitezke. Hau oraingo euskal filologiaren puntu ahulenetakoa da. Izan ere, iberiera ezagutzen ez den eta batez ere, ezagutu nahi ez den hizkuntza da. Honen ikerle handiena kanpokoa izatea (Unterman) ez da kasualitatea. Estatuan ez dago iberiera ikertzeko katedrarik (unibertsitatea nola dagoen ikusita agian hobeto) eta ikertzen duten gehienak institutuko irakasleak dira (Silgo, Orduña, Aznar, Azkona…) edo beste arloetako unibertsitate irakasleak (Gomez-Moreno, Caro Baroja, Arnaiz, Correia..) edo beste lanbideetakoak (Mascaray hezkuntzako irakaslea …) edo beste batzuk.
Ez da kasualitatea euskera historikoan eta iberieraren ikerketan arkeologoek hizkuntzalariek baino ekarpen handiagoak egin izana: Aquiles Luchaire Akitaniako hilarrietako testuak euskera zela baieztatu zigun eta Gomez-Morenok iberieraren grafia deszifratu zigun, adibidez.
Iberieraren beraren mapa ere, etengabe eta nahita, txarto marrazten dute, Akitanian ehunka iberiar idazkun aurkitu badira ere, ez ohi da eremu hau iberieraren esparru barruan sartzen.
Latina etxe baten beheko solairua balitz eta bere substratuak (iberiera, etruskoera…) lur azpian dauden beheko solairuak, argi dago etxe horren egitura ondo ezagutzeko zimenduak begi bistan utzi beharko direla eta orduan jakingo dugula nork-nori zer zor dion.
c) Euskera latinari esker bizirik iraun zuen. Euskal filologo askok diotenez, euskeraren terminologiaren ia hiru laurden latinetik hartu zuen. Beraz, horri esker modernizatu zen eta iraun ahal izan zuen. Aurreko puntuan esan dugun bezala, etxea teilatutik baino zimentaziotik ezagutu behar da eta iberiera argitu arte hau hipotesi moduan utziko genuke. Eta noski, jatorria ikertu behar da, izan ere, jatorria ezagutu gabe ezin da maileguen norabidea zehaztu.
d) Latinaren eta euskeraren artean antza dagoen guztietan euskera izan da hartzailea. Bigarren eta aurreko puntuarekin lotuta dago. Antza izatea zera esan nahi du: antza dutela. Latina eta arabiera botere hizkuntzak izan direnez, haien menpean zituzten herri askoren hizkuntzetatik berbak hartu eta zabaldu zituzten baina haien bidez zabaldu ziren guzti horiek haiek sortutakoak izan zirela gehiegi esatea da ez?
e) Eta latinarekin ez baina beste hizkuntza batekin antza badauka ere, euskera izan da beti hartzailea. Godoera, germaniera… berdin da, euskera beti besteengandik hartu du nahiz eta hizkuntza hori lekutan egon. Hau hizkuntza lapurtzailea daukaguna!
f) Eta latinaren eta euskeraren artean antzik ez dagoenean ere euskera izan da hartzailea. Mitxelenak latina eta euskeran artean antza duten hitz guztiak latinetik etorri direla esan ondoren, bere dizipuluak oraindik urrunago joan dira: antzik ez dutenak ere latinetik hartu ditugu, adibidez, Lakarraren arabera “bazter” “praesepetik” omen dator, negar “lacrimatik”…
g) Eta euskerazko hitzek beste lurraldeko toponimoekin edo beste hizkuntzekin antza handia dutenean beti arrazoiren bat egongo da antzik ez dutela edo kasualitate hutsa dela esateko. Iberierazko eta euskerazko zenbakiak dira honen adibiderik onena. Berdinak direla begi bistakoa da baina euskal filologoentzat ez (orain arte hori lotura babestu dutenek kanpokok izan dira -Orduña, Ferrer, Arnaiz…)
Edo beste adibide bat: japonieraz ere “txoriari” “tori” esaten diote (euskeraren antzera ahoskatuta). Ze probalitate dago hain urrun dauden bi hizkuntzen artean hitz bat berdin esateko eta, gainera, esanahi bera izateko? Estatistika ezagutzen duen batek datu zehatza emango liguke baina txiki baino txikiagoa izan behar da (0,0000….?)
Ehunka adibide ditugu baina liburu batzuk beharko genituzke.
h) Hizkuntzalaritza bera aski da euskeraren historia ezagutzeko. Ondorioz liburuetatik aparte, ez da arkeometriarik behar Iruña-Veleiako “sua” eta “lurra” noizkoak diren jakiteko. Ez da genetikarik behar, populazio mugimenduak zeintzuk izan ziren jakiteko. Ez da “zentzumenik” behar erromatarrek 300 urtetan Meditarraneo inguruko lurralde guztietan latinarekin beste guztiak ordezkatzea ezinezkoa izan zela pentsatzeko (edo zergatik ordezkatu zituzten mendebaldeko guztiak eta ekialdeko bat ere ez?)
i) Euskeraren jatorria ezin da jakin. Haiek erabiltzen duten metodoarekin, argi dago ezetz. Baina Europako toponimoak (10.000.000 inguru) datu base batean sartu, bilaketak egin, antzekoak atera, haien ezaugarri fisikoak aztertu eta berdintsuak dituztenak multzoka jarriz gero egin daiteke. Eta “mer” zer den (balioa edukitzea, mer-ezi (mer arazi)-merecer hortik letozke); “merke” zer den (baliorik gabekoa: mer-ke), “merketu” zer den (balioa galtzea: merke-tu)… orduan pentsatu ahal duzu berba hauek ez datozela latinetik alderantziz baizik, latinak euskeran nahiko ondo gorde den Europako hizkuntza zaharreko substratutik hartu duela. Izan ere, euskeraz familia osoak ditugun bitartean latinari gehienetan hitz batzuk falta zaizkio, hemen 3 falta zaizkio:
- Latinak eta euskerak dituztenak:
merketu = minuo, deduco, laxo, deminuo, mercatus
merkatari = mercator
merezi = mereo
- Latinak ez dituenak eta euskerak bai:
mer =
merke = vilis
merkatua = forum
j) Euskera ez da hizkuntza berezia, beste guztiak bezalakoa da. Gure uste apalean ez, euskera hizkuntza berezia da: gutxiago aldatu da, erro oso zaharrak gorde ditu…
k) Hitz bat idatziz lehenengo jasotzen duen hizkuntza hitz horren jatorri hizkuntzatzat hartzen da. Denok dakigunez, hizkuntza asko ez dira berandu arte idatzi izan, edo beste batzuk gaur egun ere ez dira idazten. Baina aspalditik idatzi direnak (latina edo arabiera adibidez), haientzat hartu dituzte hitz asko. Adibidez, Brasileko portugeseran Amazoniako herrietako hitz asko erabiltzen dira. Beraz, portugesa da hitz horien sortzailea? Ala zabaltzaile baino ez da izan? Edo beheko taulan Carme J. Huertasek dioen bezala, esanahi oso antzekoa duten hitzak, besterik gabe, jatorri desberdina dutela esan daiteke lehenengo jaso duen hizkuntzak soilik ikusita eta jatorrian deus ikertu gabe?