Atzo hiztegia aurkeztu eta gaur ostegun (uztailaren 4an) goizean jardunaldi bat prestatu dute
Euskaltzaindiak EHHE-200 Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa osatu du. Hau da, euskarazko hainbat berbaren biografia. «Etimologia eta hiztegi etimologikoak hizkuntzaren barne historia aplikatua dira; hots, fonologian, morfologian, dialektologian, lexikologian, sintaxi diakronikoan eta abarretan oinarritu eta hitzen inguruan antolatutako hizkuntzaren historiaren ikerketa eta azalpena», azaldu du Joseba Lakarra euskaltzainak. Berak gidatu du hiztegia atontzeaz arduratu den ikertzaile taldea: Julen Manterola, Iñaki Segurola, Gabriel Fraile eta Koro Segurola. 2009an Urkiolan (Abadiño, Bizkaia) egindako biltzarrean onartu zuen proiektuari ekitea akademiak, eta 2010 hasieran ekin zioten lanari. Atzo aurkeztu zuten emaitza, Bilbon.
«Badakigu euskararen etimologia oso eztabaidatua izan dela; ia gutariko bakoitza etimologista bat da, edo hala uste dugu. Baina orain, argitalpen honi esker, oinarriak maila akademikoan jarri dira, eta hala bedi aurrerantzean ere», ohartarazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Esan du metodologia bat zehaztuta geratu dela, «bidezidor baino gehiago, bide zabal bat irekita» dela; eta aurrerantzean osatzen jarraituko dutela, nahiz eta jakin inoiz ez direla osotasunera iritsiko. Oraingoz, papereko bertsioan dago hiztegia; Elkarren dendetan dago salgai. Epe ertainera, papereko bertsioa osatzea eta digitalizatzea dute asmoa. Euskaltzaindiarentzat eta euskararentzat «garrantzitsua» da argitalpen berria, etimologiaren alorra oraindik gutxi landu baita akademikoki. Garrantzi horren adierazle, atzoko aurkezpenean Euskal Herriko erakunde publiko nagusienetako batzuen ordezkariak izan zituzten lagun. Urrutiak esan du aurrerago Baionan beste aurkezpen bat egiteko asmoa dutela.
Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) aurkeztu du gaur Euskaltzaindiak. 200 hitz-familia eta ia 2.600 sarrera eta azpisarrera eratu dira, 100 inguru ondare zaharreko oinarriekin, eta beste horrenbeste mailegatuekin. Momentuz, paperean editatu da; aurrerago izango da euskarri digitalean.
2009ko Barne jardunaldietan hartu zuen Euskaltzaindiak hiztegi hori abiatzeko erabakia. Horretan aritu da 2010eko hasieratik Julen Manterolak eta Iñaki Segurolak osatu lantaldea, Joseba Lakarraren zuzendaritzapean; azken bizpahiru urteotan Gabriel Fraile eta Koro Segurolaren laguntza ere izan dute.
Urrats sendoetarako lanabesa
EHHE-200 euskararen historia aztergai duten ikertzaileentzat idatzia da, batez ere; gainerako filologo eta hizkuntzalariek nahiz hizkuntza-zaletasuna duten askok aurki lezakete, halere, bere intereseko ezagutzarik alor horretan.
Joseba Lakarra lantaldearen koordinatzaileak azaldu duenez EHHE-200ek hitzen ikerketan inplikaturiko alorretan urrats sendoak emateko lanabesa izatea du helburu. «Asmo zabalago horren barnean, hurrengo urteotan zabaldu eta gainditu nahi genukeen EHHE-200 hau zati txiki baina garrantzitsua iruditzen zaigu».
Jardunaldi batean aurkeztuko dute
Bihar, hizkuntzalari eta adituen aurrean aurkeztuko dute EHHE-200. Horretarako, goiz bateko jardunaldia antolatu du Euskaltzaindiak Bilboko egoitzan. Mintegi honetan parte hartuko dute Jose Antonio Pascualek (RAE); Reina Bastardasek (Universitat de Barcelona); Joakin Gorrotxategik (euskaltzain urgazlea, UPV/EHU); Joseba Lakarrak (euskaltzain osoa, EHHE-200 egitasmoko koordinatzailea); Iñaki Segurolak eta Julen Manterolak (EHHE-200 egitasmoa).
Argazkian Iruña-Veleiako triskantzaren bi arduradun, Joseba Lakarra (hondeamakinaren suntsiketarako bidea prestatu duena) eta Bingen Zupiria (Eliseo Gil eta Oskar Eskribanori 600.000 euroko isuna jarri nahi diena) eta Eliseo eta Oskar, euskera historikorako inoiz izan dugun altxorri handienaren bi egile -Lurmeneko gainerako lankideekin batera- erabat babes gabe utzi dituztenak: Euskaltzaindiako Andres Urrutia eta euskera zaintzeko ardura duten politikariak)