Euskeraren normalizazioari dagokionez, Bingen Zupiriak “bide zuzenetik goaz” esan du.
Adierazle askok kontrakoa esaten digute, adibidez
- Kale erabilera 10 urtez beherantza Bizkaian eta 5 urtez gainerako lurralde gehienetan.
- Irakaskuntzan gazteen euskera maila beherantza doala ere ikusi da.
- Unibertsitatean euskal adarren ikasle gehienek erderaz haien artean, Euskal filologikoak barne
- Etab.
Pako Aristi ere ez dago ados Bingenen adierazpenekin eta gogor erantzun dio atzoko Berrian:
Iruditu zitzaidan gaiari darion larritasunak eta, larritasun horrek eskatzen duen diagnostiko ahalik eta zehatzenaren beharrak ez zuela onartzen halako arinkeria bat, ez genukeela onartu behar gure hizkuntzari buruzko iritziak, eta are gehiago telebista publikoan eta Autonomia Erkidegoko hizkuntza arduradun politiko gorenaren aldetik, halako auto-konplazentziarekin «despatxatzerik».
Esan baitzen, baita ere, diskurtso mota hau apaintzen duen harribitxia, euskaldunok milioi bat garela. Eta euskararen apustuez galdeturik, Zupiriak euskal hiztunak seinalatu zituen, eta haiek bakarrik, esanez euskararen apustu nagusia dela hiztunok hitz egiteko ahalmena eta aukera daukagun bakoitzean, erabiltzea. Entzun nuen, baita ere, txikiak gareneko marmar azkenaldian nekagarri samarra, eta estatu diren herrialde batzuei aurreratu egin gatzaizkiela hizkuntzaren batasunean, mezu subliminala lerratuz, bide batez: autonomismoaren gorazarrea, hizkuntzak ez duela zertan estaturik behar, ez legedi koertzitiborik, ahazturik arau bihurtzen ez den hizkuntza beti izanen dela salbuespen.
Ez dago hobeto azaltzerik, hitz gutxitan, «ondo goaz» diskurtsoak dauzkan hiru zutabe nagusiak:
Bat, euskara testuingururik gabe agertzen zaigu, historia politikorik gabe, alegia. Etsairik izan ez duen hizkuntza bat. Beraz, ez da gutxietsia, baztertua, umiliatua, iraindua, degradatua, zaborreratua, debekatua, pertsegitua, erdeinatua izan; euren hiztunak ez dira astakilotzat, zakurtzat, barbarotzat, egoskortzat, fanatikotzat, talibantzat hartuak izan, ez dira milaka bider espainolez egitera behartuak izan, azkenean paisaia linguistikoaren gauza naturaltzat hartzeraino bat-bateko elebiduntasun hori, lehengoan miraturik Uruguaiko turista batek esan zidan bezala, nire euskara/espainol jarioa ikusita; berak, espainola eta ingelesa jakinda, ezin omen du hain azkar aldatu batetik bestera. «Praktika kontua da», argitu nion.
Euskarak ez du jasan uholde demografikoen eraso brutalik (gazteek esango luketen moduan), edo «ingeniaritza demografikoa», Guillem Calaforra linguistaren definizioan: alegia, giza taldeen lekualdatze masibo eta batzuetan derrigortuak, herri baten gizarte esparruak ordezkatzeko, eta haiekin batera, hizkuntza erabilera aldatzeko. Nafarroaren 1512ko konkista ondoren, XIX. mendeko Bizkaian, Lapurdin aro ezberdinetan, XX. mendean 60ko hamarkadako Bizkaia eta Gipuzkoan, 2000.etik aurrera Lapurdik izan duen frantses jubilatu eta langabetuen inbasioa… Europako inongo estatuk onartuko ez lukeen bezalako jende uholdeak, herri bezala desagertzeko arrisku seguruaz oharturik, onartu behar izan ditugu guk, ez genuelako muga arrazionalak ezarriko zituen estaturik.
Bi, frankismoak ordezkatu du, orain, mende askotan bi estatu zapaltzaileek planifikatu eta gauzatu duten euskara desagertzeko eginahal basati eta krudela. Gaztela, eta Frantzia ondoren, euskaldunok sortu genuen botere egitura (Nafarroako Erresuma) suntsitzen hasi zirenetik 800 urte igaro dira, baina frankismoa bihurtu da, 40 urteko epe historikoki aski labur bat, konparazio iturri bakarra, erreferentzia isolatua, gure suntsiketa linguistikoa bertan hasi eta bukatu balitz bezala. Franco hil geroztik 40 urte pasa direnez, desaktibatua da 40 urteko diktadura. Zerotik hasteko moduan gaude, berdintasun egoera ideal batean. Orain orduan baino askoz hobeto gaude, aske gara, eta eskura daukagu nahi duguna egitea hizkuntzarekin. Ez dago etsairik; izatekotan geu gara geure buruaren etsaiak, ez dago aitzakiarik.
Hiru, eta hau aurrekoen ondorioa da, guk euskaldunok daukagu euskararen ia ardura bakarra, kasik gure gain botatzen da bere egoeraren okerra, ez dugu aski maite, zabarrak gara, erraz pasatzen gara espainolera, ez dugu libururik erosten eta gainera modu indibidualean planteatzen da guztia, gutako bakoitzaren jarrerak eragin balezake bezala aldaketa loriotsua. Eta non dago testuingurua, diot berriro. Hizkuntzak behar duen bulkada politikoa, babes sozial uniforme bat, erreferenteen aurpegi ematea, ez dakitenekiko presio legala, koertzio kuota jasangarri baina aldi berean eragingarri izango direnak, ea. Euskal hiztunak %12 baldin bagara, nola eragingo diogu, indibidualki arituz, hitz egin nahi/ahal ez dutenen %88ri? Suizidio hutsa da.
(jarraitzen du)