Gasteizeko Oihaneder Euskeraren Etxean Kataluniako irakaslea den Carme Junyent gonbidatu dute “Hitz adina mintzo” ziklo barruan. Bere hitzaldiaren izenburua oso argigarria izan da: “Nola akabatzen dira hizkuntzak”.
Berriaren izenburuak Carmeren esaldi hau azpimarratu du: “Gaur egun ez dago elebakar izaterik”. Guk baietz esango genuke, anglofonoa bazara, lasai asko. Hori baita oraingo inperioko hizkuntza. Gauza interesgarri asko aipatu du:
Mende batean, egun munduan diren hizkuntzen erdiak desagertuko dira; Junyentek Afrikako komunitateetako eleaniztasuna adibide gisa hartu du, hizkuntzarik desager ez dadin.
…
Nola akabatzen dira, bada, hizkuntzak? Hiztunak estutuz, erabil ez dezaten. Batzuetan, presioa hiztunak hiltzerainokoa da, baina ez da beharrezkoa hizkuntza bat akabatzeko. Eragile asko daude, baina, azkenean, muina bakar bat da: norbaitek bere hizkuntza erabiltzeari utzi, eta beste bat transmititzen du.
Zergatik? Asko estutu dutelako pertsona hori indarkeria fisikoaren bitartez, edo sinetsarazi dizutelako zure hizkuntzak ez duela ezertarako balio. Hizkuntzetan ez dago desagertzera arte eramaten dituen ezer; hizkuntza guztiek edozertarako balio dute.
Palabras y mundos txostenean zehazten da munduko hizkuntza gehienak mende batean desagertuko direla. Metaketa prozesua gertatu da, eta azkenaldian azkartuz joan da. Horrez gain, domino efektua gertatzen da hizkuntzen heriotzarekin. Adibidez, historikoki bi komunitateen artean komunikatu badira, horietako batek hizkuntza aldatzen badu, besteak aldatu beharko du berea.
Noiz bizkortu zen prozesua? Kristobal Kolon Amerikara heldu zen eguna hartzen da egun sinboliko gisa. Uste da bostehun urtean hizkuntzen erdiak desagertu direla.
…