Zumarragatik zatozela Ormaiztegin sartu, eta hor topatuko duzu: Creatio Irizar Innovation Center.
Ordiziatik Zaldibiara bidean: Orkli, you can feel it.
Zaldibiako sarreran: Logos Cooking&Living. Eta aurreraxeago: Uap research&development. Grupo Euler water solutions.
Pasadizoan harrapatutako adibideak dira. Goierriko paisaia grafikoa erabat ingelesten ari da, eta a zer nolako martxan, hainbat enpresatako kartelen eta errotulazioaren bidez.
Irizar autobus lantegiaren kasuan, oraingoaren aurretik, beste hau egon zen: 125 years; «ehun eta hogeita bost years» irakurriz pasatu genuen iazko urte osoa, lau hizkiren faltan: u-r-t-e. 125 years-ek Ormaiztegiko Uerkalde baserrian gurdientzako gurpilak egiten zituzten irizartarrak zituen abiapuntu; karrogile izatetik autobusgile izatera pasatu zen saga; euskalduna eta euskaltzalea; Irizar lantegiak, kooperatiba bihurtuta, euskararekiko konpromisoa erakutsi izan du bere ibilbidean. Eta hori bera esan daiteke Zaldibiako Logos sukaldeko altzari fabrikaren aitzindari izan zen Yani lantegiari buruz: publizitatea euskaraz egiten zuten lehen enpresetako bat izan zen, 70eko hamarkadan, Zeruko Argia astekarian. Orain, bai enpresa batek bai besteak ingelesez aurkezten dute beren burua egoitza nagusietako fatxadetan.