EAEko Kultur arloko sailburu berria da Bingen eta Deian egindako adierazpenetan dena ildo beretik doala ikusten da: ikuspegi linguizida, dirulaguntzen bidez euskal hedabideen kontrola jarraitzeko gogoa ito arte behar izanez gero, etab. Ikus ditzagun bere adierazpenak:
Denbora gutxi igaro da Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu izendatu zutenetik; halere, Bingen Zupiriak helburu eta ideia finkoekin hasi du legegintzaldia. Edozein egoera berrik sortzen duen urduritasunarekin eta, era berean, asko bizi, ikusi eta ikasi duen batek sentitzen duen lasaitasunarekin hartu du hitza hernaniarrak.
Kargua hartu zenuenean gaztelaniaz eta euskaraz egin zenuen hitzaldia. Zergatik?
-Bi arrazoi izan ziren. Lehena, bi hizkuntzak menderatzen ditudalako. Euskal herritar elebiduna naiz, bi hizkuntzak ezagutu eta erabiltzen ditut eta naturala iruditu zitzaidan horrela egitea. Eta bigarrenik, nik daukadan Hizkuntza Politikaren ikuskeran ez dago helburu baztertzailerik, eta iruditu zitzaidan bi hizkuntzetan egiteak mezu bat adierazten zuela.
Iruzkina: Flandriako Kultura Sailburuak bere adierazpenak flamenkoera hutsean egiten dituenean, zer esan nahi du? frantsesa baztertzen duela edo, soilik, bere lurraldeko hizkuntza hori dela? Zer esan nahi du, Euskal Herriko agintari guztiek gaztelera zein frantsesa beti erabili behar dutela?
Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak murriztu dizkie komunikabideei. Orain zuk lema hartu duzula, nola egingo diozu aurre egoera horri?
-Aztertutako datuak ikusita, aldatu dena kopuruaren banaketa izan da. Hizkuntza Politikako taldeak irizpide batzuk finkatu zituen eta horien arabera hartu ditu erabakiak. Aurreko legegintzaldian, sektoreak egonkortasun bat eskatzen zuen, hau da, diru-laguntzen kontua ez izatea urtearean azken txanpan hartzen zen erabakia -urtetik urtera aldakorra izango zena-, baizik eta iraunkortasun bat finkatzea. Jaurlaritzak erabaki zuen hiru urtetarako laguntzak finkatzea eta, proiektuen arabera, datozen hiru urteetan hedabide bakoitzak izango duen diru-kopurua aurreratzea. Hedabide batzuek gutxi jaso dute eta beste batzuek ez dute ezer ere jaso. Datozen urteetan aukerarik balego, eta administrazioen diru-sarrerak handitzen badira, horretara bideratuko genuke.
Iruzkina: Ibarretxek %1,3 gastatzen zuen euskerarako. Lopezek %1 eta Urkulluk %0,9. Beraz, arazoa ez da etorkizunean ea diru gehiago egongo den baizik eta zergatik euskerari %0,4 kendu zaion aurrekontuetatik. Zergatik Jaurlaritzak eskumenengatik guri ez dagokigun AHTean 1.500 miloitik gora euro gastatu dituen eta zergatik ez duen egunkari nazional bakarrari duintasunez eutsi nahi urtean 200.000 euro gehiago jarrita. Zergatik ito nahi duen Berria. Ez delako EITB modukoa? eskerrak, bestela EITB bezala ibiliko litzateke, maldan behera, euskal senaren aurka daraman ildoagatik (euskalduntze berantiarra, euskal sena duen oro alboratzea, albiste gehiago Espainiakoak hemengoak baino…)
Euskara bultzatzeko, zeintzuk dira helburu nagusiak?
-Hizkuntza Politikak gauza bat lortu du azken urteotan eta da saila kudeatzen dutenek gaitasuna izan dutela foro bat sortzeko: HAKOBA -Hizkuntza Politikaz arduratzen den batzordea-. Era berean, helburu nagusi bat dago: euskal hiztun gehiago egotea. Alegia, gero eta jende gehiagok euskara ulertu eta hitz egiteko gaitasuna izatea, eta horretan ezin dugu hutsik egin. Ez badugu zabaltzen euskaldunen esparrua, ez da erraza izango erabilera zabaltzea. Eta horrek hainbat arazo ditu. Horietako bat da askotan mintzakideak falta direla guk euskara erabili ahal izateko. Hori lantzeko eta indartzeko beste neurri batzuk hartu beharko dira baina, lehenengoa euskal hiztunen komunitatea handitzea da.
Iruzkina: Mintzakideak falta direla? Gero eta euskaldun gehiago omen daude eta, nola esan dezake hori? Erabilera izoztuta dago estatu ikuspegia ez dugulako, Jaurlaritzak ezagutzan (perfilak) baina ez erabileran (gune euskaldunak ziurtatzea) zentratutako politika eraman duelako, sortu dituen erakunde eta organismo guztiak diglosikoak direlako, euskalgintza beti-beti bazterrean utzi duelako… Erabilera guneak = euskera nagusi den eremuak sortzea da: administrazioan, enpresetan… baina horretarako hizkuntz politika osoa aldatu behar da.
Zer gertatzen ari da haur eta gazteen artean? Zergatik ez dute euskaraz egiten?
-Adibidez, nire seme-alabek Bilboko eskola publiko batean ikasi dute eta euskaraz hitz egin dute bertan. Baina eskolatik aterata, ez zuten inor ezagutzen Bilbon euskaraz hitz egingo zienik. Hori errealitate bat da eta horretaz kontziente izan behar dugu. Uste dut hizkuntzaren erabilerak zerikusia duela ohiturekin eta horiek alda-tzeko testuinguru egoki bat behar da. Ziur nago guk aportatu dezakegula kontzientziazio horretan baina ez dugu ahaztu behar erabaki pertsonala dagoela horren atzean.
Iruzkina: Gazteek ez dakitela norekin egin euskeraz? baina Bingen jauna, zer esaten ari zara? bere gelako guztiek omen dakite, bere adineko guztiek… arazoa ez da inondik inora ez dakitela norekin egin dezaketen euskeraz, faborez, arazoa da gero eta espainolizatuago eta frantsestuago gaudela, gazteak gehiago, estatuen indarra oso handia delako eta gu kontet omen gaudelalako horrekin, Espainian jarraitzearekin.
Bizikidetza planteatzen duzue gaztelania, euskara eta beste hizkuntzen artean.
-Azken finean, helburua da hainbat hizkuntza hitz egin dezakeen gizarte bat sortzea, hau da, bertan bizi garenok gutxienez gure bi hizkuntzatan hitz egiteko gaitasuna izatea. Gainera, elebitasun hori ez da muga bat hizkuntza berriak ikasteko. Ahalegina egin behar dugu ere adierazteko ingelesa ikastea bikaina den bezala, euskara ikastea ere bikaina dela.
Iruzkina. Bizikidetza egon dadin metodo bakarra dago munduan: euskerak, beste hizkuntza hegemoniko bezala, lurralde propio eta bakarra izatea, Flandrian egin zutena frantsesetik askatu ahal izateko. Ez dago beste formula magikorik. Eta hemen Irlandaren porrota kopiatzen ari gara.
Instituzio publikoetan sartzeko langileei eskatutako euskara-maila moldatzeko asmorik baduzue?
-Bi helburu ditugu esparru honetan: alde batetik, euskaraz jarduteko gaitasuna izango duten langile gehiago izatea eta lortu behar dugu euskara erabiliagoa izatea, malgutasun pixka batekin jokatuz beti. Beharrezkoa izango litzateke lanpostu bakoitzaren azterketa zehatzagoa egitea, agian maila apalago bat eskatuta bermatu dezakegulako hizkuntzaren erabilera. Administrazioko lehiatila guztietan euskaraz artatua izateko eskubidea bermatzea pauso handia izango litzateke.
Iruzkina: PSOErekin beti euskera beherapenetan. Aurreko legealdian hitzartutakoa hauxe izan zen: Hizkuntz Eskubideen Dekretua paperontzira botatzea, hau da, isunak kenduta uztea (PP-PSOEk adostutakoari eutsi zion EAJk txinto-txinto). Horrela lege hori gauza sinboliko gisa geratu zen. Orain, hauteskunde kanpainan euskera zenbat maite duten ikusteko PSOEk egindako bideo egileekin egindako hitzarmena hurrunago doa: perfilen mailak jaistea, hau da, orain maila baxua badago oraindik maila baxuagoan utziko dituzte. Total, datozen herritarrei lau hitz eskas erantzuteko ez da euskera asko jakin behar. Helburua argi dago zein den: gaztelera hutsean lan egiten jarraitzea.
Hizkuntza-bizikidetzari bultzada emango diozue ere.
-Hizkuntza Politikak bultzatzeko euskara hitz egiten den beste lurraldeekin harreman estuago bat lortu nahi dugu. Horretaz gain, ahalegina egingo dugu gure herrian finkatu eta garatu den Hizkuntza Politika beste herrialdetara eramateko. Gai honetan adituak direnek esaten dute hemen egin dena erreferentzia dela toki askotan eta egin ditugun hizkuntza politikak harro egoteko modukoak direla. Hitzarmenean aipatzen da ere, gure modura estatu espainiarrean hizkuntzen arteko bizikidetza planteatzen den lurraldetara hurbildu behar dugula.
Iruzkina: bizikidetza, bizikidetza… laster euskeraren hilketaren sinonimotzat bihurtuko duzue. Hemen bizi diren bakarrak gaztelera eta frantsesa dira, euskera hiltzorian jarraitzen duen bitartean.
Bukatzeko, zer egingo du Bingenek euskararen alde?
-Euskara ahal dudan guztietan hitz egin eta ikasten ari den jendearekin jarrera ireki eta malgu bat eduki, konfiantza emanez. Gure lantaldeak ere Jaurlaritzaren barruan arnasgune bat sortu behar du eta konpromezua hartu gure lan prozedurak euskaraz izan daitezen.
Iruzkina: Bingen, zurekin euskerak ezin du ezer espero.