Aukeratutako etiketa ◊ vatikanoa ◊

• Asteartea, Maiatza 04th, 2021

Iruña-Veleia Martxan

Iñaki Aldekoari Iruña-Veleia argitzen laguntzeagatik eskerrak emanez!

Iñaki Aldekoak, Aralar alderdiko Arabako batzar nagusietako ordezkari gisa bizi izan zuen Iruña-Veleiako estatu kolpea, Aldundiak 2012ko azaroaren 19an Lurmen kanporatu zuenean eta grafitoak faltsuak direla lau haizetara zabaldu zuenean.

Egunkarietan erasoak hasi zirenean El Correoren eskutik, egin zuen kasu horietan egin behar dena: arakatzen eta galdetzen hasi. Lehenengo gauza Henrike Knorrengana joatea izan zen, orduan Euskaltzaindiaren lehendakariordea eta Euskal Filologiako katedraduna EHUn zena. Henrikek argi esan zion bere ustez egiazkoak zirela baina agian Lurmenek proposatutakoak baino berriagoak, San Juan komentua IX. mendera arte egon zelako han eta agian estratuak aztertzerakoan erratzeko aukera egon zitekeelako baina Eliseoren fede onari buruz ez zuen zalantzarik erakutsi.

Orduan bidegabeki Lurmen indusketatik kanporatu zuen Lorena Lopez de Lacalle EAko diputatuarengana joan zen eta Henrikeren eritzia bota zion. Eta Lorenak honela erantzun zion gazteleraz: «Iñaki, Vatikanoko Museora deitzen dugun bakoitzean gutaz barre egiten dute»;.
Hau ikusi zuenean Iñaki Batzar Nagusian gaia argitzeko ekimenen bat burutu zuen, Aralarren izenean, Podemosetik kanporatutako hiru batzarkideekin batera bakarrak izan direnak, 12 urte hauetan, gai hau argitzeko zerbait egin dutenak. Gainerako alderdiek ez dute inoiz ezertxo ere egin eta beti beste alde batera begira egon dira.

Esaldi labur baina garrantzitsu hau gertatutakoa ulertu ahal izateko funtsezkoa da. Esaldi hau Eusko Jaurlaritzan 2019an egin zen bilera batean esan zuen. Bilera horretan lehenengo aldiz Iruña-Veleia Argituko bi kide, Iñaki Aldekoarekin laguntzarekin, batzartu ziren Bingen Zupiria kultura sailburuarekin eta Mikel Aizpuru kultura zuzendariarekin.

Eskaera argia egin zieten: epaiketa gelditzeko eta datazioak egiteko. Bingenen erantzuna lotsagarria izan zen: epaiketa egin dadila eta gero ikusiko genuela. Argitukoek gobernuko ordezkariei argi esan zieten ganorazko dataziorik gabe Jaurlaritzak epaiketan 300.000 euroko isuna eskatzea onartezina zela eta funtsik ez zuela. Batetik onartezina zen euskal herritar bat zientifikoki ondo frogatu barik zigortu nahi izatea. Bestetik Jaurlaritzaren iritziz faltsuak baziren ez zelako normala grafiko bakoitzeko 500 euroko isuna eskatzea baliorik ez zuten zeramiketan marrazteagatik.

Iñaki Aldekoak aipatutako Lorenaren esaldia zergatik da garrantzitsua? Bada argi erakusten duelako Lorenak grafitoak laborategietara bidali eta horiei galdetu beharrean, Vatikanora bidali eta haien iritzian oinarrituta hartu zuelako erabakia.

Iñakik SOS Iruña-Veleiako eta Iruña-Veleia Argituko prentsaurrekoetan eta ostegunero Aldundiaren aurrean egiten ziren enkarteladetan parte hartu zuen sarritan. Eta Deiara bidalitako artikulu batean Iñakik bere iritzia argi azaldu zuen: https://blogak.goiena.eus/elexpuru/2021/04/09/inaki-aldekoa-hil-da/

Eskerrik asko Iñaki, egindako ahaleginagatik eta gaia argitzeko emandako laguntzagatik!!!
Iruña-Veleia Martxan!
2021.04.20


VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Astelehena, Urtarrila 26th, 2015

Hilabete hasieran, Iruña-Veleiatik Lurmen kanporatzearen eta sektore oso bat suntsitzearen atzean dauden balizko arrazoiak aipatu ziren:

Lehenengo zatia

1. EHUko Letren Fakultateak Iruñako indusketa bereganatu nahi izatea

2. Joseba Lakarraren antzineuskararen teoria pikutara ez botatzea eta Mitxelenaren dizipuluek behar den mailarik ez izatea

3. Euskalduntze berantiarraren teoriaren amaiera

Bigarren zatia

4. Hedabide batzuen jokaera: El Correo

5. EHUren kontrol mekanismoen falta

6. Euskaltzaindiaren jokaera

Hirugarren zatia

7. Aldundiaren, EAren eta gainerako alderdien jokaerak

Laugarren zatia

8. Eliza katolikoaren ezkutuko eskuhartzea (Opus eta Vatikanoa)

Azken zati honetan  atal hau aztertuko dugu:

9. Ate birakorrak (giratorioak): nortzuek irabazten duten eta nortzuek galdu (orain arte)

“Ate birakorrak” gaur egun askotan entzuten dugun kontzeptua dugu. Adibidez, politikariak abilak dira horretan!

Iruña-Veleian ere ate birakorrak ditugu. Polemika honekin nortzuek atera atera duten onura jakitea atzean zer dagoen jakiteko oso baliagarria da.

Izan ere, edozein delitu ikertzeko, gako nagusia horixe da: zergatik gertatu da? nor atera da irabazle?

Iruña-Veleian, grafito bat ere agertu gabe, Eliseo Gilek finantzazioa urte askotarako ziurtatuta zuen, agertzen ziren pitxar, plater eta hainbat objekturekin.

Beraz, ez zuen zentzurik horrelako grafito batzuk faltsifikatu nahi izateak, are gutxiago Europa mailan aditu gutxi-gutxi batzuek ezagutzen dituzten baina guretzat erabat ezezagunak ziren hitzak.

a) Galtzaileak (orain arte)

Lurmen enpresan lan egiten zuten guztiek eta bereziki Eliseo Gilek. Euskal Herriko aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuena egin, 400 objektu (agertu diren 24 txostenen arabera egiazkoak direnak) eta arkeologiatik kanporatua izan da. Jadanik ezin du arkeologo gisa lan egin, langabezian dago edo aldi baterako lan txarren bat topatzen du noiz edo noiz…

- Idoia Filloy: indusketako zuzendarikidea, Eliseorekin batera,  arqueologoa, 400 objektu topatu dituena eta  une honetan edozein motako aldi baterako lanak egiten dabilena.

b) Irabazleak (orain arte)

Tesi ofiziala defendatzeagatik ekonomikoki, akademikoki edo politikoki izugarrizko onurak ateratzen ari direnak:

- Joseba Lakarra: Eliseori datazioak ez egitea ukatu ondoren, saritu dute: euskaltzain izendatu, urte askotarako lana esleitu diote, milaka eurokotakoa, hiztegi etimologikoa egiteko.

- Julio Nuñez, Agustin Azkarate eta EHUko Arkeologia Saileko beste irakasleak: Iruña-Veleiako zuzendari eta arduradunak, 1.700.000 euro orain arte jaso dute sektore bat hondeamakinaz suntzitzeko, harresia “zementuzko” blokeez osatzeko… Ez dute ezer argitaratu…

- Joaquin Gorrochategui: bere txostena ondoren agertu diren aurkikuntza arkeologikoengatik (komak, Nuñezen aldarearen Veleia V-z egotea eta B-z berak zioen moduan, M letraren angulu altua…), hankaz gora geratu bada ere, indusketako aholkularia gaur egun

- Lorena Lopez de Lacalle: Bilduko Arabako Batzar Nagusietako ordezkaria eta Europako Hauteskundeetan, Bilduko zerrendako bigarrena

- Alberto Barandiaran: Iruña-Veleiari buruzko liburu erabat partziala idatzi ondoren (arkeometria aipatu ere egin gabe) Berriako kazetari arrunta izatetik euskal hedabideen Hekimena elkarteko zuzendari izatera heldu da

Orain gutxik Bilduk ustelkeriaz akusatuta dauden hautetsiak kuarentenan jarri beharko liratekeela proposatu zuen. Ideia ona da, eta hemen ere aplikagarria. Datazioak egin arte, Larreina, Lopez de Lacalle, Nuñez, Azkarate, Lakarra, Gorrochategui, Barandiaran,… kuarentenan jarri beharko genituzke.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteazkena, Urtarrila 07th, 2015

8. Eliza katolikoaren ezkutuko eskuhartzea (Opus, Vatikanoa…)

Aldundiko Adituen Batzordean zeuden EHUko Letren Fakultateko kideak, Lurmenen lana aztertzen ari ziren bitartean, ez ziren Iruña-Veleiako indusketara joan, ez zituzten landa koadernoak aztertu (lan arkeologiko bat baloratzeko ezinbestekoa dena), ez zioten Eliseori galdera bakar bat egin edo informazio osagarririk eskatu…

Baina kide bat, Julio Nuñez, nora eta Erromaraino joan zen, Vatikanoko Volperekin pertsonalki egotera. Orain dela sei urte albiste hau irakurri genuenean ez ginen bidaia honek zuen garrantziaz ohartu. Nola da posible Gasteiztik 9 kilometrotara dagoen Iruña-Veleiara ez joatea eta bai Erromaraino???

Hau da, euskerazko aita gurea Egipton aurkitutakoaren mende bat ostekoa baino ez litzateke izango:

El vaticano-expone-el-padre-nuestro. El Vaticano expondrá desde el prĂłximo 2 de abril y hasta el 22 de junio la muestra ‘Verbum domini II‘ con casi 200 manuscritos antiguos y documentos bĂ­blicos, entre los que se encuentra el Papiro Bodmer XIV-XV, que contiene el fragmento escrito más antiguo del Evangelio de Lucas, el Padre Nuestro más antiguo conocido y uno de los fragmentos escritos más antiguos del Evangelio de Juan.

Seguruenik, Vatikanoak eta OPUSek benetako kristautasuna ezkutatzeko egindako ahalegina izan da, hau da, herritarren berdintasunean, emakumearekiko errespetuan eta denon arteko laguntasunean oinarritzen den erlijioa ezkutatzeko. Erromatik “pasatzen” ez den erlijioa alegia.

Haiek epizentroa Erroman jarri nahi izan dute beti, horrela, haien sasierlijioa errazago justifikatzeko:   inperialismoa (Gurutzadak, Amerikako kolonizazio erlijiosoa…), desberdinkeria (aberastearen justifikazioa…), patriarkalismoa eta zentralismoa.

Bai, hau izan daiteke Iruña-Veleiako suntsiketaren arrazoi nagusia, munduak ez dezala jakin lehenengo Aita gurea gaztelerazkoa baino askoz lehenagokoa dela!

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Asteartea, Urtarrila 06th, 2015

7. Aldundiaren, EAren eta gainerako alderdien jokaerak

Orain gutxi arte Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatua izan zen Lorena Lopez de Lacalle suntsiketa intelektual eta fisiko honen erantzule nagusia izan zela pentsatu izan dugu: ez zuelako batzordea nola osatu jakin izan (arkeometriako aditurik ez eta batzordekide gehienak EHUkoak izendatu eta ez Europa mailako adituekin osatu), ez zelako konturatu batzorde hori zientziatik aldentzen ari zela (datazio eta katak ez onartzea)…

Baina esan beharra dago Lorenak Kulturaren ardura nagusia hartu zuenean politikan guztiz ezezaguna zela eta zeukan esperientzia bakarra Europako Komunitatean itzultzaile lana egin izana zela. Horrelako perfilarekin honen tamainako erabakia hartu izanak beti harritu egin gintuen.

Baina Lorena diputatuaren karguan jarri zuen pertsona nor izan zen ikusita, Rafa Larreina, gauzak beste modu batera ikusten hasten dira. Rafa Larreina OPUSeko kide ezaguna eta militantea da, eta EA alderdian Garaikoetxea eta gero, seguruenik, indar gehien izan duen eta duen bigarren pertsona dugu. Izan ere EAren sorreratik maila altuko karguetan gehien iraun duen pertsona dugu.

Baliteke OPUSeko militante den Larreinak Lorena indusketa deuseztatzeko hor jarri izana. Lehenengo helburua grafitoak desprestigiatzea zen eta hori Correo eta EHUko Letren Fakultatearen laguntzarekin lortu zuen (ondo ordainduta noski). Gero Lurmen kentzea. Ondoren Arkeologia Museoko kontrola eduki behar zuten eta horretarako jarrera inpartziala zuen Amelia Valdeon zuzendaria kargugabetu eta urrutira bidali (Armen museora) eta haiek grafitoak manipulatu ahal izateko kontrol osoa eduki (ez datatzeko grafitoak erabat garbitu, metal modernoekin kutsatu…)… Hasieratik amaitu arte ondo pentsatutako operazioa egin dute!

Lorena Lopez de Lacalle eta gero etorri diren beste bi kultura diputatuek, Malentxo Arruabarrenak (EAJ) eta Iciar Lamarainek (PP) ostrukarena egiten jarraitu dute.

Eta, gainerako politikari gehienek ere ez dute behar den mailarik eman, zoritxarrez, beste gai gehienetan ere eman ez duten moduan: ekonomia, langabezia… Errazena egin dute:  gaia egonean utzi, busti gabe, ezer galdetu edo ikertu gabe, behiak trenari begira egoten diren lez, dauden interesak ukitu nahi izan gabe… Ez dute arriskatu nahi izan %0,00001ean ere, eta beraz, ez dute ezer lagundu, nahiz eta, seguruenik, Iruñako indusketa Euskal Herrian dugun ondarerik preziatuena izan.

Salbuespen gutxi batzuk egon dira. Iruña Okako Udala gai honetan zentzumena erakutsi duen erakunde publikoa bakarra izan da. Eta bestetik Aralar ere izan dugu. Biek logikoa dena eskatu izan dute aspaldi: datazioen bidez gai hau zientifikoki behingoz argitzea.

Rafa Larreina: seguruenik Iruña-Veleiaren suntsiketaren arduradun nagusia (Argazkia: Tiempo)

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Astelehena, Urtarrila 05th, 2015

4. Hedabide batzuen jokaera: El Correo

Faltsukeria zabaltzeko arrazoi garrantzitsua Vocento Taldeak euskal historia eta hizkuntzaren kontra duen  etengabeko jarrera izan da. Aldundiak Adituen Batzordea sortu baino lehen grafitoen gainean zalantzak sortzeari ekin zion, ondo prestatutako kanpaina baten bidez. Adibidez, asteburu bakar batean 4 orrialde eskaini zizkion gaiari, Lakarra eta Gorrochategui elkarrizketatuz eta faltsuen aldeko aldarrikapena eginez.

Ondoren, etengabe ildo bereko artikuluak argitaratu izan ditu, gai honi buruz ideia txikiena ere ez zuten pertsonak ere ekarriz: Almagro,… Beste batzuetan erabat erasokor egon da, Eliseo Gil erabat desprestigiatuz. Hau da, kazetaritza “horia” erabat.

Noski, egiazkotasunaren aldeko txostenei buruz ez du ezer esan urte hauetan, ez egin diren ekimenak, edo bidali zaizkien iritzi artikuluak eta gutunak argitaratu.

Sei urte hauetan ostraken aldeko albiste BAKAR bat argitaratu dute. Madrilgo IPCE laborategiak egindako txostena kritikatzeko Eliseo Gilek emandako prentsaurrekoari buruz zerbait argitaratu zuen.

Bestela, zentsura erabatekoa izan da eta esan dezakegu Euskal Herriarekin zerikusia duten gaietan horrelako zentsura maila jasan duen gai bakarrenetakoa izan dela.

Zergatik? Argi dago, ez dute onartu nahi izan euskerak Araban betidanik izan duen garrantzia eta presentzia.

5. EHUren kontrol mekanismoen falta

Epaitegian ikusi dugunez EHUn ez dagoela behar besteko kontrol mekanismorik diru mugimenduetan. Aurreko errektore Goirienaren anaia erruduntzat hartu zuen Epaileak, EHUko dirua “bereganatzeagatik”.

Arabako Iruñan ere harrigarria da nola EHUk 1.700.000 eurotik gora poltsikoratu dituen orain arte, batez ere egin dituen lanak ikusita: sektore bat di-da batean suntsitu, harresi zati bat erdikonpondu, bisita gidatu gutxi batzuk… eta kitto.

Lehen, Lurmenen, kopuru erdiarekin 10 pertsona urte osoan lanean zeuden, eremu batzuk konpondu aurkikuntza garrantzitsuak egin, sondeo asko burutu, txosten pilo bat egin, eta hainbat gauza egin zuten. Hau aldea!

Gainera, orain dauden EHUko kideak dira Adituen Batzordean Eliseo Gil kanporatu zutenak, datazioak eta kata kontrolatuak ukatu eta gero. Eta orain berberek hartu dute indusketaren ardura bestea kaleratu ostean. Nola onar daiteke hau?

EHUko Errektorea den Iñaki Goirizelaiak ez du gai honetan sartu nahi izan, Arabako Campuseko gaia balitz bezala tratatuz, nahiz eta EHUko irudia asko kaltetzen ari den afera honengatik.

Eugenio Ruiz Urrestarazu EHUko Campuseko errektoreordea izandakoa, Iciar Lamarain kultura diputatua eta Julio Nuñez EHUko Arkeologia Sailekoaren prentsaurrekoan gezur handia esaten: San Joan Komentuko aztarnak aurkitu zituztela, orain dela mende batzuk leku zehatza ezaguna zenean

6. Euskaltzaindiaren jokaera

Euskaltzaindiak ostrakekin “ostrukarena” egin du, hainbat politikarien antzera. Arrazoi asko dago, besteak beste: euskararen jatorria betidanik ikertu ez izana eta ondorioz horrek dakarren ezezagutza, euskararen historiari buruz dituen aurreiritziak, Euskaltzaindia finantzatzen duen erakunde batekin (Arabako Aldundia) arazorik eduki nahi ez izatea…

Gainera, polemikaren erdian, 2009ko udaberrian Lakarra euskaltzain oso bihurtu zuen Euskaltzaindiak, polemika honetan izandako jarrera “sarituz”. Zur eta lur geratu ginen, baina argi zegoen Euskaltzaindiaren babes osoa zuela euskara historikoaren “lurperatzaileak”.

2011ko udaberrian Arabako Iruña Argitzeko Batzordeak 19 txosten eta suntsiketarena eman zizkion Euskaltzaindiari, eta horrekin batera eskaera bat, gai hau azter zezan. Zoritxarrez, txosten bat ere irakurtzeko astirik gabe eman zuten erantzuna: gaia arkeologikoa zela eta antza ondo egiten ari zirela:

Euskaltzaindiaren erantzuna:

“Zure gutuna eta dokumentazioa jaso da, bai eta zure kezka ulertu ere. Diozunez, Iruñako aztarnategien gainean hondeamakina batzuk ari dira lanean, eta zuloak egiten dabiltzan lekuan arkeologi gairik egonez gero, pentsatzekoa da jarduera horrekin kalte egin liezaieketela, bertako aztarnei. Uste izatekoa da, horko indusketak arkeologo profesionalen zuzendaritzapean egiten badira behintzat, aurretik azpian egon zitezkeen materialak ongi babesteko behar ziren neurriak hartuko zirela.

Kontuan hartu behar da, nolanahi ere den, Euskaltzaindia ez dela arkeologiaz arduratzen den erakundea, eta, alde horretatik, ez dagokiola iritzia eskatu ere egin ez zaion arlo horretan eskua sartzea.

Zure interesa eskertuz, adeitasunez agurtzen zaitu.”

Besteak beste, zera erantzun genien: Euskaltzaindiak Txillardegirekin egin zuten akats historiko bera egiten ari zela Arabako Iruñako ostrakekin ere.

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)
• Igandea, Urtarrila 04th, 2015

Urteak pasatu ahala, hasieran osatu izan ez genuen puzzlea osatu dugu azkenik. Grafitoak “faltsuak” direla diotenak, hain zuzen ere, polemika honetan dauden “faltsuak” haiek baino ez direla. Ostrakak egiazkoak zirela orain 6 urte bagenekien baina arrazoiak falta zitzaizkigun, gaiztakeria guztien atzean dagoen motiboa ez genekien zein zen,  baina astiro-astiro dena argituz joan da. Hauek dira 9 arrazoiak eta hiru postetan azalduko ditugu:

1. EHUko Letren Fakultateak Iruñako indusketa bereganatu nahi izatea

2. Joseba Lakarraren antzineuskararen teoria pikutara ez botatzea eta Mitxelenaren dizipuluak behar den mailarik ez izatea

3. Euskalduntze berantiarraren teoriaren amaiera

4. Hedabide batzuen jokaera: El Correo

5. EHUren kontrol mekanismoen falta

6. Euskaltzaindiaren jokaera

7. Aldundiaren, EAren eta gainerako alderdien jokaerak

8. Eliza katolikoaren ezkutuko eskuhartzea (Opus eta Vatikanoa)

9. Ate birakorrak (giratorioak)

1. EHUko Letren Fakultateak Iruñako indusketa bereganatu nahi izatea

Faltsukeriaren gurutzada hasi baino hilabete batzuk lehenago, Aldundiak indusketa honekin epe luzerako planteamendu bat lantzeko bilera bat deitu zuen eta, kasualitatez, Eliseo Gil ez zegoen gonbidatuen artean. Harrigarria ez!

Bai, indusketa hau Euskal Herriko garrantzitsuena da, lekuagatik, garai hartan Euskal Herriko hiririk populatuena izateagatik, eta diruagatik (baliabide ekonomiko gehien jasotzen zuen indusketa zelako). Eta zoritxarrez, horrek inbidia asko sortarazi zituen. Eta horregatik EHUko Arkeologia Saila hain interesatuta egon zen Eliseo Gil hemendik kanporatzen. Eta horretarako, ezinbestekoa zen Eliseo Gilek eskatu zuena ez egitea: datazioak eta kata kontrolatuak.

2013 eta 2014ko dirua kontuan hartuta,

1.700.000tik gora jaso du EHUk

Zentzu horretan ulertu behar da gertatutakoa:

- EHUko Letren Fakultateko hiru irakasle ostrakak egiazkoak direla esatetik faltsuak direla esatera pasatzea, hirurak aldi berean.

- EHU kideek Eliseo kanporatzen parte hartu ondoren haiek indusketaren ardura hartzea, askoz diru gehiago kobratuz baina lan gutxiago eginez (6 hilabete eta ez urte osoan lehen bezala).

- Julio Nuñezek hondeamakina sartzea dena suntsituz grafito gehiagorik agertu ez dadin, etab.

2. Joseba Lakarraren antzineuskeraren teoria pikutara ez botatzea eta Mitxelenaren dizipuluak behar den mailarik ez izatea

Joaquin Gorrochategui  hasieran ostraken egiazkotasunaren alde agertzea logikoa zen, ostrakak egiazkoak zirelako eta berarentzat horrek ez zekarrelako inolako arazorik.

Arazoa ordea Lakarrarentzat zen. Josebak azken urteotan antzineuskeraren teoria moldatu zuen, euskeraren historian Mitxelena baino atzerago eginez. Baina, ostraketako grafitoek bere teoria bertan behera uzten zuten eta, horregatik, eta Letren Fakultatean duen botere handia erabiliz, faltsukeriaren kanpainari hasiera eman zion.

Guk behin baino gehiagotan aipatu dugu Lakarraren meritua. Hau da, 30 urte hauetan, eta denbora asko da, bera izan da Mitxelena gainditzen saiatu den bakarra. Eta saiatzeagatik baino ez bada ere, aitortu egin behar zaio egindako ahalegina. Baina berak sortutako guztia balio gabe geratzen bada, bera izan behar zen lehenena hori aitortzen eta bide berriei ekiten eta ez, egin duen moduan, faltsuak direla esan eta Letren Fakultateko lankideekin batera faltsukeriaren montaje guztia antolatzen. Jokaera horrek, datazioak egiten direnean, bere prestigio eta lan profesionala, seguruenik, betirako deuseztatuko ditu.

Aipatu beharrekoa da Euskal Filologiako gainerako irakasleen jokaera: bere abizena euskeraz idaztea ere nahi ez duen Gorrochategui, Lakarraren beldur, atzera egin eta faltsuak zirela esaten hasi zen; Ricardo Gomez, blog guztietan Lakarrari babesa ematen, beraren argudio “sendoak” errepikatuz; gainerako irakasleak… non egon dira orain arte? Ez al dute ezer esatekorik izan?

Ahots anonimo bat egon da Lakarraren aintzineuskera kritikatuz: “La Filologia Vasca pese a Joseba Lakarra Andrinua”. Izenik ez duen eta estilo erabat lakarrianoa (hau da, erabat desegokia) duen txosten honetan argudio asko ematen dira Lakarraren lan filologikoak baliorik ez duela arrazoitzeko. Penagarria izan da izena agertu ez izana eta beste tonu bat eduki ez izana, berarekin, txosten gehiago izango genituelako ostraken defentsan. Egilea Euskal Filologiako irakasle bat ote da? Hona hemen horko testu bat:

“A fin de cuentas, cuando los inocentes arqueólogos desenterraron miles de piezas con grafitos en euskara lo que estaban haciendo, ni más ni menos, era enterrar todo el programa de Lakarra, y ello, afortunadamente, antes de que éste diera sus primeros pasos. Su nuevo paradigma reconstructivo, que ni es nuevo, ni es paradigma ni nada reconstruye, nacía muerto.”

Gogoratu behar dira ere Txillardegiren hitzak: “Gorrochategui eta Lakarra (hau batez ere) oker zeudek.”

3. Euskalduntze berantiarraren teoriaren amaiera

Esan beharra dago, eta nahiz eta Euskal Herrian jarraitzaile gutxi izan, Estatuko unibertsitateetako irakasle askok betidanik defendatu izan dutela euskalduntze berantiarren teoria. Eta hau pikutara doa Iruña Okako grafitoengatik. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako euskaldunak Akitaniatik eta Nafarroatik etorriberriak direla dioen teoria hau bertan behera geratu da euskaldunak Araban noiztik gauden errotuta ikusi dugunean.

Hala ere, teoria honen sustatzaileak indar berria hartzen ari dira, ETBren laguntzarekin egin duten “Vasconiako historia bat” pelikula lekuko. Historia etengabe desitxuratzen ari diren nabarristekin gutxi bagenuen, orain CAVistak sortu zaizkigu!

VN:F [1.8.8_1072]
Rating: 0.0/10 (0 votes cast)